UKZZ elkarteak bere lehen agerpen publikoa egin du UK aldizkarian. Inguruan hasi berri den mugimendu hau aurkezteko aukera izan dute Naiara Elorriagak eta Sarai Pousok (Uribe Kosta Zero Zabor taldeko kideak). Zero waste mugimenduaren ikuspegi globala aurkeztu ondoren elkarrizketa labur batekin bukatu zuten solasaldia.
Hemen uzten dizuegu izandako elkarrizketaren laburpena!
—Uribe Kosta Zero Zabor taldea sortzen zabiltzate, zergatik eta bertarako?
—Hondakinen oraingo kudeaketa-sistema ez delako egokia, gure ustez, eta beste zer edo zer bilatu behar da.
Gipuzkoan martxan dago Zero Zabor mugimendua, eta gurean ere horretarako aukera dagoela uste dugu. Oraingoz Sopela, Plentzia eta Barrikako partaideak gaude. Dinamikarekin hasteko herririk egokiena Barrika dela uste genuen, bere ezaugarriengatik: herri txikia, biztanle gitxi… Baina hemen oso gertu daude herriak bata bestearengandik eta jende guztiak dauka autoa; hortaz, erraza litzateke zaborra hartu eta alboko herrian botatzea. Horregatik, Uribe Kostako Mankomunitatetik hasi, baina eskualde osora zabaltzea da helburua.
—Eta zelan lor daiteke zaborraren kudeaketa hobea Uribe Kostan?
—Jende gehienak erlazionatzen du Zero Zabor atez ateko bilketarekin, baina ez da horrela. Berez, atez atekoa bide bat da zero zaborrera heltzeko, baina ez da bide bakarra: munduan badago beste hainbat adibide. Gure helburua da herritarrak aukera dezala bidea hondakinak gitxitzeko, eta, ahal bada, zerora iristeko. Atez atekoa da azken pausoa, baina aurretik beste hainbat gauza dago:
hondakin gitxiago sortu behar dugu lehenik. Gero berrerabili, ahal dela. Eta, azkenik, birziklatzea. Edukiontzi grisak, bertara dena bota daitekeen horiek, kendu beharko lirateke, hori da lehen gakoa. Herritarrei eta erakundeei begira lan egin behar da. Funtsezkoa da eztabaida sortzea, baina zentzuzkoa.
—Eta, Uribe Kostan, egingarria da?
—San Frantzisko, Canberra… Hiri handiek ere egiten dute, eta, beraz, Uribe
Kostan ere posible da. Ekainean hitzaldiak egingo ditugu herriz herri.
http://www.aldizkaria.biz/wp-content/uploads/214.pdf

Publicado en Sin categoría